Últimas galerías
Colaboraciones
Tokian tokiko prentsak badu izena, NAFARPRES
Nafarroa osoan argitaratzen diren 9 argitalpenek osatzen dute elkartea
Nafarroa osoko herri aldizkariak osatzen duten NAFARPRES elkartea aurkezten dizuegu hemen. Tokian tokiko prentsa eta informazioa herritarren ikuspuntu hurbiletik zabaltzea du helburu elkarte honek. Hizki handiekin egiten (idazten) den historia, herritarrak protagonista diren hurbileko berri txikiz ere osatzen da. Nafarpres osatzen dugun aldizkariok gure herri eta auzoetan bizi eta lan egiten duen jende, elkarte eta entitateen isla izan nahi dugu.
NAFARPRES-en baitan, guztira Nafarroa osoko 13 argitalpen bildu gara: Tuterako Plaza Nueva-tik hasi eta Piriniotako Mendixut-eraino. Tartean Lizarraldeko Entreto2-Auzolan; Baldorbako Entreto2-Auzolan Valdizarbe; Sakanako Guaixe; Tafallaldeko La Voz de la Merindad; Araitz, Betelu, Lekunberri eta Larraungo Mailope; Ttipi-ttapa Baztan- Bidasoa eta Leitzaldean eta Iruñerriko Iruñerrian Auzolan. Mota guztietako irakurleak dituen eta Nafarroako bazter guztietara iristen diren 35.000 ale kaleratzen ditugu guztion artean.
Argitalpen bakoitzak ezaugarri propioak baditu ere, guztiok dugu helburu nagusi bat: gainontzeko idatziko prentsa, telebista, irrati eta abarretan islarik ez duen tokian tokiko informazio hutsunea betetzea.
Gaur egun jasotzen dugun informazio gainkarga izugarria baldin bada ere, jakin badakigu irakurle askok bere herrian edo/eta ondokoan gertatzen denaren hutsunea sumatzen duela. Hurbileko, gertuko informazioa da eskaintzen duguna eta herritarrak islaturik ikusten du bere burua. Auzoko, herriko, eguneroko bizitzaren berri ematen dugun heinean, beren etxeetan aldizkaria jaso edo/eta kiosko eta gainerako establezimenduetan publikazioa bilatzen duen irakurle fidelak ditugu Nafarroa osoan.
Batera lan eginez elkarrengandik ikasi dugu eta, guztion artean, tokiko informazioaren kalitatea hobetzeko bideak eta oinarriak finkatu ditugu. Komunikabide txikiak izan arren, tokian tokiko errealitatea ezagutzen duten 50 kazetari eta komertzial profesionalek osatzen duten lan taldea dugu. Ingurua ezagutzen dugu eta ezagutzen gaituzte.
| ||||||||||||||










