Gaur egungo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, aitzitik, eredu honetan jarraitu beharko dute etapa amaitu arte

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak baimena eman dio Tafallako Marques de la Real Defensa eta Erriberriko Principe de Viana ikastetxeetako D ereduari PAI programa bertan behera uzteko. Hala jakinarazi zuen joan den martxoaren 4an igorritako albiste batean.

Datorren kurtsoan bi eskola hauetan matrikulatzen diren ikasleek ez dute D-PAI eredua burutu beharko. Gaur egun eredu honetan ikasten ari direnek, aldiz, etapa amaitu arte jarraitu beharko dute, Foru Dekretu batek horrela agintzen duelako. Bestalde, erdaraz ikasten dutenek, G eta A ereduetan, ez dute aldaketarik jasango.

Murgilketa arazoak

Aski entzuna da D-PAI ereduak ez dituela harengandik espero ziren fruituak eman. Azken urteotan; familia, irakasle eta baita alderdi politiko batzuek haien kexak helarazi dizkiote Gobernuari eredu honekin euskararen murgilketarako baldintza egokiak betetzen ez zirela ohartaraziz. Are eta gehiago, gurea bezalako eskualde batean, non egunerokoan hizkuntza garatzeko zailtasunez inguratuta gauden. Bestalde, PAI ereduan ere, ingelesa menperatzeko arazoak dituzten ikasleek zailtasunak dituzte hizkuntza honetan ematen diren beste ikasgaiekin, hala nola, Zientziak edo Historia.

Hilabete honetan, osotara lau izan dira eredu hau abandonatu duten Nafarroako ikastetxeak, eta badira asmoa planteatu duten gehiago ere. Gure eskualdeko gurasoen azken mobilizazioa orain dela urte inguru gauzatu zuten, Inguruneko Zientziak eta Ezagutza irakasgaia ingelesez egitera derrigortu baizituen Gobernuak. Haien seme-alabek PAIn jarraitu beharko dute, baina belaunaldi berriek, behintzat, bide onuragarriago bati ekingo diote.