Elkarrizketa Brigade Loco taldeari, larunbatean Tafallan emango duen kontzertuaren harira
Endika Iriso
Larunbat honetan, urriak 11, Tafallara datoz berriz Brigadetarrak, The Lio eta Gli Ultimi italiarrekin batera Kube aretoan haien azken diska, “Bide baten esanahia” aurkezteko. Pasadizon, Ormi egunean, Zezen Plazan… askotan izan dira gurean jotzen, eta denetan ez bada behintzat, gehienetan muxutruk. Hala ere, askoz gehiagotan izan dira jo gabe: Afaltzen, lagunak agurtzen, jaietan, koarentenan eta baita momentu txarretan ere. Etxetzat dute gure herria eta etxekotzat ditugu guk. Aldizkarian ez dugu aukera galdu nahi izan 8 urte luze hauei zentzua ematen dioten esanahi, esentzia eta esamesak jakiteko. Ongi etorriak lagunok.
Urte erdia pasa da diskoa atera zenutenetik eta zuzeneko dezente eman dituzue. Nolakoa izaten ari da harrera?
Manex: Ona, esango genuke. Aurkezpen bira neurtzeko termometro bat izan zen eta zapore gozoa geratu zaigu, bai aretoetan zein udako jaietan.
Bide baten esanahia. Aurrekoekin konparatuz bi aldaketa nagusi soma daitezke. Lehenik, erritmoa moteldu duzuela, eta bigarrenik, oro har, gatazka politikoez hitz egitetik barne gatazkez egitera pasa zaretela. Zergatik aldakuntza hauek?
Olli: Barrutik irtendako zerbait izan da. Egia da gure musika estiloa zuzen eta esplizitua dela, baina guri buruz eta inguruan gertatzen denari buruz egin dugu berba. Abestiak nik Mexikora egindako bidai batetik hasi ziren sortzen eta gero, egia esan, lotura bat eman nahi izan diogu guztiari: Abestiei, iruditeriari, bideoei… Proiektu bat izan da bere osotasunean.
Esango zenukete zuen lan sakonena dela?
Lander: Tira, gure lan sakon bakarra agian (barreak).
Bide luzea daramazue 2017an abiatu zinetenetik. Nola aldatu da taldea urte hauetan guztietan?
Manex: Nik heldutasuna nabarmenduko nuke, bai taldearena zein gurea pertsonalki. Nik 19urte nituen honekin hastean eta orain 28 ditut. Dena aldatu zait: munduarekiko ikuskera, taldekideekiko harremanak, bizitzan nola kokatzen zaren… Horrek guztiak islada bat du taldean bertan, eta orain bilakaera horren islada gara.
Olli: Exijentzia handitu diogu geure buruari, azken finean, honaino heltzeko asko sakrifikatu behar izan dugu. Betiko esparruetatik ez dugu aldendu nahi, baina beste aukera batzuk sortu dira, kanpora joateko eta abar, eta horrek militantzia bat eskatzen du.
Alex: Lehen sartzen ez genituen ordu asko sartzen ditugu orain, eta beti badoaz ateratzen ardura berriak, denon artean banatzen saiatzen garenak. Hasieran Brigadek gu eramaten gintuen eta behin euforia hori pasata orain ikasi dugu guk taldea gidatzen.

Brigade Loco Tafallako pinuetan, haien lehen urtetan.
«Heldu zen momentu bat non Brigadek jan gintuen»
2023an Mikel Soto gitarjoleak taldea utzi zuen. Zergatik?
Olli: Heldu zen momentu bat non Brigadek jan gintuen, munstro bihurtu zen. Urte batean 56 kontzertu, asko jarraian, batzuk egun berean… Gu laurok aguantatu genuen baina gero ikusi genuen bezala, Sotok ez. Hor konturatu ginen besteok ere horrela ezin genuela jarraitu eta pixkat taldearen erabakiak programatzen hasi ginen.
Alex: Sotok beti esaten zuen berarentzako disfrutatzea zela lehena, eta konturatu zen iada ez zuela egiten. Bestalde, besteon gogoak ikusita ez zuen freno bat izan nahi.
Zer suposatu zuen bere joanak?
Lander: Duda asko. Bat batean dena bukatzen zela zirudien. Beste norbait aukeratzeko orduan ere ez genekien ongi nondik jo.
Olli: Dena den, Sotok ez du taldea utzi. Abestien konposaketan beti lan handia egiten du eta noizean behin taula gainera ere igotzen da.
Gitarrista berria, Martin. Zergatik bera?
Lander: Guk zerrenda bat egin genuen 10 pertsona posiblerekin. Martin ez zegoen bertan (barreak). Baina gaupasa batean, Txantrean, bera hortik zebilela, zera bota nion Olliri… «Aizu, eta zergatik ez hau?» Zerrendakoak oso gitarrista onak ziren baina ez zen hori bilatzen genuena, taldearen dinamikan sartuko zen norbait nahi genuen.
Eta zuk Martin, nola hartu zenuen proposamena? Eta zer esan dezakezu orain arte hauekin bizitakoaz?
Martin: Hasieran flipatu nuen, egia esan gehiegi ezagutzen ez nituelako. Baina niretzat, hamalau urtetatik bokata eta kalimotxo baten truke jotzen neramala, aukera oso ona zen esperientzia berriak bizitzeko. Eta esperientzia la ostia izan da, bi urtetan inoiz baino hegaldi gehiago hartu ditut. Bat batean milaka pertsonen aurrean jotzera pasa naiz. Gainera, beti primeran zaindu naute, jende normala dira (barreak)… Ollik lehenengo egunetik bere etxeko giltzak eman zizkidan.

Brigade Loco Ormi Egunean. 2019.
«Talde batean zaudenean gainontzeko guztian ez zaude inoiz ehuneko ehunean»
Zer da talde bat izatearen onena eta zer okerrena?
Olli: Onena ezagutu dugun jende guztia eta okerrena lan talde batean aritzeak dakartzanak: haserreak, etab.
Lander: Jende eta mugimendu pila ezagutzeko aukera izan dugu, baita haietatik ikasteko ere. Okerrena? Kentzen digun denbora. Ez dira bakarrik kontzertuak, baizik eta astean zehar egin behar den guztia.
Manex: Noski, gu guztiok lan egiten dugu, ez gara honetaz bizi. Taldeak duena da gainontzeko guztian ez zaudela ehuneko ehunean: lana, lagunak, bikotea… Taldearen ardura omnipresentea da. Hala ere badakigu bizitzen ari garena ezin duela edonork bizi, eta guk ere ez dugula berriro biziko, beraz pasada bat da.
Alex: Bai, nahiz eta oporrak hartu ez dakigu deskonektatzen. Gure whatsappa ez dago inoiz ixilik (barreak, denok Olli begiratzen dute).
Martin: Nik ez nuen izan inoiz horrelako whatsapp talde pelmarik.
Zein momentu edo oroitzapen geratuko zaizkizue hiltzatuta guzti hau amaitzean?
Manex: Nik ez dut uste momentu bat izango denik, sentsazio bat baizik. Ia bateria jo gabe lortutako guztia ikustean pentsatzen dut… “qué hijo puta, lo qué has hecho…”. Ia ezer espero gabe talde bat egin genuen eta milaka pertsonen aurrean jotzen amaitu dugu, Europa erditik bidaiatzen, jende pila ezagutzen, asko estimatzen ditudan artistak barne… Oso zorionekoa sentitzen naiz.
Alex: Bai, zerbait egin dugunaren sentsazioa da, agian amaiera arte kontziente izango ez garena.
Lander: Gainera zerbait hori guretzat izateaz gain besteontzat ere izan da, kausa ezberdin pilo batentzat.
Olli: Zaballako kartzelakoa adibidez ikaragarria izan zen, uste dut denontzat gure kontzerturik bereziena izan zela.
Martin: Bai, guk abesti bat jotzen amaitzea eta publikoari, hau da, presoei, guk goitik txaloka aritzea, hori ikaragarria da.
Hitz egin dezagun futbolaz, ala harmailaz, hobe esanda. Oso presente egon da beti taldean eta badago islatzen duen abestirik: Brigade Loco, Bultzada, Bihotza beterik… Taldekide batzuei behintzat, hooligan edo ultra mundua ez zaizue arrotz. Zer esan dezakezue horri buruz? Taldeari dagokionez, zirkulu horietan ere mugitu zarete?
Olli: Futbolari dagokionez, taldea sortu genuenean ez genuen denok elkar ezagutzen, eta lotu gintuena Erreala izan zen, denok gindoazen Anoetara. Bestea? Bizi izan duenak badaki zer den. Nik behintzat ez ditut ahazten bizitakoak.
Lander: Nik gaztetatik lotu izan ditut musika eta futbola, zerbait naturala bezala. Niretzako aske sentitzeko espazio bat da, non zure jendearekin zauden, datorrena datorrela. Bestalde, harmailak ere emozio pila ematen ditu, baita aldarrikatzeko aukerak. Komunitate oso potente bat sortzen da hor. Taldeari dagokionez, futbol munduko jende asko ezagutzeko aukera eman digu, baina baita aldrebes, mundu horretan ibiltzeak ere ateak ireki dizkio taldeari. Beno, itxi agian ere bai.
Musikara itzuliz, Euskal Herrian joera aldaketa nabariak izan dira azken urtetan, askok euskararentzako mesedegarri ikusi dituztenak: euskal mainstream eszena, euskal musika urbanoa, “sold out” jaialdi erraldoiak… Nola ikusten duzue guzti hau?
Lander: Nire ustez guzti honekin gol handi bat sartu digute. Globalizazioaren eraginez kanpoko gauza asko kopiatu ditugu, eta musika estilo zehatz batzuk inbutuarekin sartu dizkigute. Punka ere kanpotik dator, noski, baina ez du oihartzunik medioetan. Beste batzuek ordea bai, ikaragarria. Hor zerbait eskapatzen zaigu eta kritikoagoak izan beharko ginatekela uste dut.
Manex: Nik esango nuke azken 10 urtetan euskal kultura musikala fase berri batean sartu dela, historikoa, onerako zein txarrerako, eredu berriekin eta agortutako beste batzuekin. Hortaz, denok ari gara egoera berri honetara egokitzen. Batzuk kontu handiz eta beste batzuk kontu handirik gabe. “Sold out” kontuarekin, esaterako, nik uste positiboa dela euskal kulturarentzako, baina horrek ezin du eklipsatu Euskal Herrian egon den mobida guztia. Gaztetxeak, txoznak, underground eszena, herrietako kultura… Berdin makro-kontzertuekin. Hauek beti ospatu dira, baina beti talde espainolekin. Orain talde euskaldun batzuek estadioak betetzen dituzte. Ongi, baina arriskutsua da, jendeak pentsa dezakelako euskal kultura kontsumitzeko aukera bakarrak horiek direla. Neurria bilatu behar zaio, positiboa da euskal makro-kontzertuak izatea, produkzio oso onak edo eta aldarrikapenak daudelako ere bertan, baina horrek ezin du beste guztiaren gainetik egon.
Gaiari tiraka, gizartean oro har, “aita hiltzea” modan dago. Hau da, aurreko belaunaldiek egindakoarekin apurtzea. Medio batzuetan ikusi ditugu, esaterako, haien burua berritzaile, edo inkluso, askatzailetzat duten musikariak, rock erradikala eta letra politikoekin amaitu behar dela esanez, honi “atzerakoi” etiketa ere ipiniz. Baduzue zerbait esateko?
Lander: Nik uste dut jende horrek hausnarketa bat egin behar duela, ikusiz nola zegoen Euskal Herria orain dela 50 urte eta beraiek gaur egun heldu diren lekura iristeko jendeak zenbat lan egin duen, zenbat aldarrikapen, zenbat auzolan… Gero horrelako ergelkeriak entzuteko? Gu ez gara inor bakoitzari esateko zer egin behar duen, ala egiten duena ongi ala gaizki dagoen. Gurea bezalako herri txiki eta zapaldu batean ez da gomendagarria besteaz gaizki esaka ibiltzea. Noizbait kaletik topa gaitezke… (barreak)
Olli: Gainera, badaude ere haien kritikekin kontsekuente ez direnak. Behintzat zerbait badiozu bete ezazu zeuk.
Manex: Nik belaunaldi talka moduko bat ikusten dut hemen. Belaunaldi berriek jaso dituzten iturri kultural – politikoak borroka emergenteak izan dira gehienbat: feminismoa, kasu, ekologismoa, etab. Borroka hauek kulturan espazioa irabazteko denbora behar dute eta askotan ona da sortzen duten azkura. Hala ere, uste dut tendentzia bat dagoela dena txuri ala beltz ikusteko, eta tarteko gris guztiak ahazten dira. “Edo musika super alternatiboa egiten zabiltza eta betiko rock politikoa gorroto duzu, ala alderantziz, gurea benetako musika da eta umeek ez dute puta idearik”. Umekeri hauek ez dira batere onuragarriak euskal kulturarentzako. Lehengoan, adibidez, entzun nuen tipo bat ulertzera ematen «Amaiurko gaztelu beltzaz hitz egitea abesti batean atzerakoia zela», sekulako analisi okerra nire ustez.

Tafalla eta Bergara arteko topaketa herriko jaietan.
«Hemen makro-kontzertuak beti egon dira, eta talde espainolekin, orduan inork ez zuen ezer esaten»
Badaude ere punka underground-ean zokoratuta egon beharko lukela diotenak. Zuek, ordea, HFMNrekin zabiltzate, eszenatoki handietan jotzera ohituak. Zer erantzungo zeniekete zuen jarrera begi txarrez ikusten duten horiei?
Olli: Betikoa, bi diska badituzu bigarrena mierda bat da (barreak).
Lander: Beti daude besteak kritikatzen dabiltzanak. Burua pixkat atera eta, gainera, ongi ateratzen bazaizu, kaka botako dizute. Nik ulertzen dut oi! edo punkaren erromantizazio hori, gure gustoko talde ingelesak horrelakoak zirelako hasieran, underground peto-petoak. Baina begira talde horiek nola dabiltzan orain, kriston aretotan eta pila bat kobratuz. Hori ez da gure helburua, baina ez dugu beti izkutuan egon nahi. Noski, gatozen leku horietaz oroitu behar garela, baita talde berriak lagundu eta zirkuitoa organikoki zaindu.
Martin: Hori da, gero bakoitzak egin dezala nahi duena lezioak ematen ibili baino lehen. Zuk zer dakizu, gainera, talde bakoitzak ze bilakaera duen, nondik datorren edo zenbat kaka irentsi dugun honaino iristeko? Sare sozialek askotan eragin handia dute honetan, ze aurpegira esango ez litzatekeen gauzak botatzen dira bertan.
Olli: Nik urteekin ikasi dut kritika horiek seriotan ez hartzen. Zeren lehen norbaitek zerbait esan orduko joan nahi nuen haren bila (barreak). Orain seriotan hartzen ditut ere, baina ez hainbeste (barreak).
Amaitzeko, etor gaitezen gurera. Zerbait berezia duzue Tafallarekin. Nondik dator harreman hori? Zer da Tafalla zuentzat?
Lander: Batzuk futboletik ezagutzen genituen: Ekaitz, Asier… Gero Rottenekoak ezagutu eta berehala oso harreman estua egin genuen. Berdin tabernen kasuarekin, Pasadizo eta Arrano. Nik uste antzeko jendea elkartu ginela momentu egokian eta azkenean anaitasuna lagunengan zabaldu zen. Bat batean Tafallako zein bergarako jende pilo batek elkar ezagutu zuen. Topaketa batzuk egin genituen, bai Tafallan zein Bergaran, eta orain elkartasun hori belaunaldi berrietan ere mantendu da.
Alex: Tafalla taldearen bigarren etxea da, iada inor abisatu gabe joan gaitezke Pasadizora. Pertsonajeak ezagutzen ditugu, lagunen etxeak, badakigu non jan, non dagoen banketxea, non dagoen resakarako pintxorik onena… Gogoz itzuliko gara.
Deja tu comentario