Hizketan Iranzu Carrera eta Eider Gortari, Tafallako Gazteak taldeko kideak
Nortzuek osatzen duzue Tafallako Gazteak?
Tafallako kuadrilla ezberdinetako hainbat gazte gara, hamar bat edo. 20 eta 25 urte inguru ditugu eta neskek zein mutilek osatzen dugu taldea. Tafallan herria edo komunitatea egin nahi duten gazteak gara besterik ez.
Nondik jaiotzen da taldea? Zein behar sumatzen zenituzten Tafallan?
Aurreko gazte asanblada zen Kimuak taldearen desagerpena izan zela eta jaio ginen. Gure helburuak hautematen ditugun gabezien araberakoak dira, batzuk epe luzera eta besteak unean uneko abagunearen harikoak. Jeneralean gazte problematikaren orokortasunaren baitan kokatzen ditugu gure xedeak, hortaz gure lan eremua oso zabala da.
Aipa ditzagun adibidez kultura eta aisialdi espazio alternatiboen sorrera, prekarietatearen salaketa, gazteongan kontzientziaren garapena… Gainera gurean badira oso garrantzitsutzat jotzen ditugu bi kontu: gure hizkuntza eskubideak borrokatzea eta herriko gazteria mugiaraztea.
Izan ere, Tafalla Nafarroako eremu mistoaren baitan kokatzen da, beraz euskararen alde borrokatzea gure ekintzen muina dugu. Bestalde, bat egiten duen gazteria baten alde egiten dugu, herriaren alde borrokatzen duena eta motibatzen gaituzten auzietan interesa duena.
Gazteongan kontzientzia sortzea dugu ipar, modu honetan antolatu gaitezkeelako eta harreman-sareak sortu, azken hau kontu zaila baita Tafalla bezalako herri batean. Finean herriarekiko partaidetza sentimendua areagotu nahi dugu, eta gazteria juergak ez diren beste hamaika kontutarako antolatu dadin. Funts-funtsean, gazteok Tafallan bizitzen gera gaitezen da gure premia nagusia.
“Tafallan herria edo komunitatea egin nahi duten gazteak gara besterik ez”
Nolakoa da zuen funtzionamendua?
Astean behin bildu ohi gara, igandeetan, eta beharrezkoak ditugun gaiak jorratzen ditugu. Esan bezala, badira epe luzera finkaturik ditugun helburuak, eta horiek erreferentzia gisa izanda epe motzerako beste hainbat erabakitzen ditugu.
Horren adibide da ikasturte honetan kulturaren auzian ibili garela murgildurik, eta abenduan sortzaileen topagunea ospatu genuen. Ekintza desberdin ugari prestatzen ditugu, eta hauek gerturatzen diren heinean maizago elkartzen gara ateratzen diren beste mila kontu ebaztearren.
Gure barne funtzionamendua asanblearismoan oinarritzen dugu, eta gure kudeaketa autogestioan. Horrez gain rolak banatzen ditugu, eta batek sare sozialen kudeaketa burutzen du, beste batek diruarena, besteak pankarten eta kartelen diseinuak egiten ditu…
Zer egiten duzue zuen helburuak zertzeko?
Orokorrean epe luzerako helburuak finkatzen ditugu ikasturte osorako, eta horren arabera gauzak antolatu. Horrekin batera unean uneko arazoak ikusten saiatzen gara, egoera aztertu, erantzun bat ematen saiatu eta ikusgarritasuna eman. Hitzaldiak, manifestaldiak eta abarrekoak egin ohi ditugu jendea mobilizatzeko eta gauzak beste modu batez aldatzeko.
Zer nolako gauzak antolatzen dituzue?
Finkatutako data batzuk ditugu beti. Adibidez San Juan gauan kontzertuak egiten ditugu eta barra kudeatu. Herri inauterietan Laguneroren erretzea, kalejira eta pintxada, Olentzero egunean bazkaria, poteo musikatua eta abar eta ferietan gazte eguneko bazkaria eta kontzertuak peñekin batera. Aurten, adibidez Hatortxurako busa egin dugu, sortzaile topagunea, Palestinaren aldeko jardunaldiak, bekak eta emanzipa eskatzeko informazio agiriak…
“Gure bizi-baldintzak gero eta okerragoak dira eta honen aurrean antolatzeko beharra azpimarratzen dugu”
Eta jaietan zer?
Urtero legez, 18an gazte bazkaria egingo dugu txosnetan, eta taldeko kamisetak kaleratu nahi ditugu. Halaber zezenen ikuskizunekiko alternatiboak diren jarduerak egin nahiko genituzke, baina hori Udalaren programaren arabera egingo dugu.
Nola ikusten duzue gazteon egoera Tafallan?
Gazteon egoera Tafallan zaila dela deritzogu. 20 urte baino gutxiagoko jendearengana ez gara heltzen eta haiek dira etorkizuna. Lehen baino jende gutxiagok parte hartzen du herri mugimenduan eta juerga baterako izan ezik ez gara antolatzen. Betiko kontua da hau, eta asko kezkatzen gaitu.
Gure bizi-baldintzak gero eta okerragoak dira, batez ere gure baldintza materialei dagokienez, eta honen aurrean antolatzeko beharra azpimarratzen dugu. Bestetik jendea geroz eta despolitizatuago dago, eta aldi berean faxismoak izugarrizko gorakada izan du azken boalda honetan.
Honen aurrean gazteontzat alternatiba errealak eskaini nahi ditugu, eta ahalik eta jende gehienarekin elkartu. Bizirik dagoen Tafalla bat eraiki nahi dugu, eta hori gazteon esku dago.
Zein erronka gainditu nahiko zenituzkete epe luzera?
Esan bezala, jendea Tafallan gera dadin nahi dugu, eta hori da hein batean gure epe luzerako erronka nagusia. Hori erdiesteko herrian gauzak egiteko prest dagoen jendea behar da, herria bizirik egon dadin motibatuta dagoena. Gu gazteak gara oraindik, baina gazteagoa den jendea sartzea nahiko genuke.
Eurengana gerturatu behar dugu, baina ez dakigu nola, ez ditugu euren kezkak ezagutzen eta garitoen kontua dela eta dena askoz ere zailagoa da. Anitz kontu daude lantzeko, eta guztion esku dago Tafalla duin eta bizi bat eraikitzearen aukera. Beraz, animatzen den edonor gonbidatzen dugu gurekin lan egitera, Tafallan ez baitago etorkizunik mugitu ezean.
Deja tu comentario