DBH 3 eta 4. mailako ikasleek osatutako taldeak ere bideo-lehiaketaren bigarren saria jaso zuen
1981etik Nafarroako Ikastolek ezinbesteko hitzordua dute urtero, Nafarroa Oinez. Aurtengo edizioa Zangozan ospatu zen eta gure herrietatik ehunka lagun bertaratu ziren. Jaialdi horretako jarduerak aski ezagunak dira, anitzak eta publiko guztietarako: gazte eta ez hain gazteentzako kontzertuak, herri kirolak, bertsolariak, haurrentzako ikuskizunak, jolasak… Eta duela hamar urtetik hona goizetako protagonista bilakatu den Erronka. Honen helburua ikastola ezberdinetako gazteen elkar ezagutza eta kiroltasuna sustatzea da.
Edizio honetan hamabi taldek hartu zuten parte, Etxarriko Andra Mari ikastolak bi talde izanik. Garcés de los Fayos ikastolak ere bere ordezkariak bidali zituen, DBH 3. eta DBH 4. mailako sei neska eta sei mutil.
Zalantzarik gabe, edizio berezia izan zen gure kirolarientzat, lehenbiziko aldiz, Tafallara ekarri zutelako Erronkako lehenengo saria. Dena den, hori ez da eskuratu zuten sari bakarra, Erronkako bideo-lehiaketaran bigarren saria ere jaso zuten eta. Guztira, 1100 euro, haien ikasbidaiei bultzada emango dietenak eta Nafarroa Oinezeko garaikurra, urtebetez, Ikastolan izateko ohorea.
Hiru froga eta finala
Hamargarren edizio honek lau froga izan zituen, lehenengoa “Ibaian behera” izenekoa, “El Conquis” reality-an ikusten ditugunen parekoa, horretan Tafallako
partaideek, publikoari erakustaldi itzela oparitzeaz gain, bigarren postua lortu zuten.
Bigarren froga, herri kiroletakoa, zezen plazan burutu zen eta denborarik onena eginda, erabat motibatuta, hirugarren frogaren garaipenaren bila joan ziren. Esan eta egin, “Korapiloa” askatu zuten lehenak izan ziren.
Hiru froga hauek egin ostean, sailkapenaren lehehengo lau postuek hamar segunduko abantaila izan zuten azken froga egiteko. Honek, aurtengo leloaren izena zeraman, “Piztu”, eta hiru froga kanporatzaile zituen: hamabi taldek froga hasi, zortzik jarraitu eta lau taldek finala jokatu. Tafallako Ikastolako kideak, finala egitera hirugarrenak iritsi baziren ere, beste taldeei abiadura harrigarrian gailendu zitzaizkien.
Hunkigarria gazteen irudia, garaipenaren bengalak piztuta, oihu, barre eta jauzi artean. Eurek esan zutenarekin geratzen gara: “talde bat gara, hau lortu ahal izateko sekretu bakarra, talde-lana”.

Deja tu comentario