Indartsu dago gaur egun Tafallaldeko AEK. Aurretik bertan izandakoen lanaren fruituak jasotzeaz gain, lan taldea handitu eta inguruko herrietatik zabaltzen ari da.

20 talde dituzte, maila ezberdinetakoak, eskualde guztian banatuta. Aurten, gainera, C1 taldea sortzea lortu da, erakutsiz badagoela jendea primerako mailarekin ateratzen dena euskaltegietatik.  Korrikaren itzulera probestu dugu honen antolakuntzaz gehiago jakiteko. Lagundu nahi izan ezkero, petoak iada salgai daude Tafallako Nagusia dendan eta Pasadizo edo Txiki tabernetan.

Nola antolatzen da Korrika gure eskualdean?

Aurreko edizioan batzordeen apostua jarri genuen mahai gainean eta gure ustez nahiko eraginkorra izan zen, hau da, herri bakoitzak era autonomoan Korrikaren inguruko ekimenak antolatzea, beti ere, AEKren euritakoaren azpian.

Herrien inplikazioa izugarria izan zen. Aurten ere batzordeak aktibatu dira Orbaibarren, Kaparrotsun, Erriberrin, Pitillasen eta Beiren. Aipagarria da, gainera, Tafallan lehenengo aldiz batzorde bat aktibatu dela, bertako ikasleen laguntzaz.

Herritako lanketa nola egin da?

Batzordeak bertako jende antolatua dira, herrian zer funtzionatzen duen dakitenak. Bakoitzak bere ezaugarriekin eta nahi zein beharrekin bere programazioa sortzen du.

Lehenengo pausua kontaktuak lortzea eta haiekin kontaktuan jartzea da. Hau, gure eskualdean behintzat, erraza da. Euskal Jaiaren antolaketetan herri guztiak inplikatzen baitira eta sare gero eta indartsuagoa daukagulako. Ondoren bakoitzak bere programa sortzen du, beti ere, besteena kontutan izanik. Herri bakoitzak programazio propioa izan arren, eskualdea gara eta ekimenak ez zapaltzea da ideia.

«Geroz eta sare indartsuagoa dago euskararen inguruan gure eskualdean»

Gainera, jendearen inplikazioa gero eta politagoa da, adin ezberdinetako jendea daukagulako, kultura ezberdinetakoak, ideia ezberdinetakoak, baina guztiak elkartzen dire euskararen inguruan. Nork esango zigun duela 20 urte geroz eta eskualde euskaldunagoa izango genuela? Etorkizunak eskeintzen dizkigun aukerak zirraragarriak dira.

Zein ekitaldi egongo dira?

Aurten Korrika erakusketa bat prestatzea izan da ideia eta hau herri ezberdinetatik mugituko dugu. Erakusketa egiteko eskerrak eman nahi dizkiogu Izarbeibarreko Euskara teknikariari kartelak, aurkezpenak eta mezuak pasatzeagatik, baita argazkiak pasa dizkigutenei. Argazkien bidez Korrikak urteetan izandako garapena aztertzeko aukera izango dugu.

Bestetik, Korrika kulturalaren KAKA ikuskizuna izan genuen otsailaren 12an Tafallako Kulturgunean eta ikusle kopuru oso polita izateaz gain, jendea oso pozik atera zen bertatik. Bukatzeko, beti bezala, Korrika etortzen den egunean herri guztietan mota ezberdinetako ekintzak egonen dira: Korrika txikiak, peto tailerrak, haurrentzako puzgarriak…

Nola lagundu daiteke Korrika?

Lehenik eta behin, bertan korrika egiten, eta inguruan prestatzen diren ekimenetara gerturatzen. Beste modu bat kilometro bat erostea da, baina inoiz baino eskaera gehiago izan ditugu eta ia guztiak beterik daude. Oso kontent gaude horrekin. Baina esandakoa, laguntzeko modurik onena parte-hartzea eta lasterketa erraldoi honek dakarren ekimen guztiekin euskaraz disfrutatzea da.

Azkenik, zein egoeratan aurkitzen da gaur egun Tafallaldeko AEK?

20 talde ditugu, maila ezberdinetakoak, eskualde guztian banatuta eta jubilatuekin batera talde estrategikoa sortu dugu eta bi talde potente sortu ditugu haiekin batera. Bestetik, C1 taldea sortzea lortu da. Etorkizun zirraragarria daukagula uste dugu; alde batetik, lan talde polita eta ezberdintasunez beta sortu dugulako, eta bestetik, eskualdak geroz eta gogo gehiago dituelako euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko.

Korrika, herriz herri

MARTXOAK 21 LARUNBATA OSTIRAL GAUA

01:19 Puiu
01:46 Tafalla
02:40 Erriberri
04:48 Kaparrotsu

LARUNBAT GAUA

23:10 Larraga
00:11 Mendigorria

Hauetaz aparte, Korrika Laguntzaile izatea da beste aukera bat, modu indibidualean Korrikari zure ekarpen pertsonala ematea da helburu eta izugarrizko zozketetan parte-hartzeko aukera izan. Aurten gure bi ikasleek irabazi dituzte.

korrika ibilbidea 2026