Parte hartu nahi duten taldeek bertan eman dezakete izena ekainaren 22a baino lehen

Orain dela egun batzuk Erdialdeko Herri Kirol Txapelketaren lehenengo edizioa izango dena aurkeztu zen Erriberrin, Ekimena Altaffaylla kultur fundazioaren eta Agerraldia elkartearen arteko elkarlanetik sortu da, inguruko hainbat herritan euskara eta euskal kultura sustatzen duten talde edo pertsonen lankidetza aktiboarekin batera.

Lehiaketa 2022ko Nafarroa Oinezerako Tafallako Ikastolak antolatu zuen txapelketaren tankerako zerbait izatea du helburu. Iraila eta urria artean burutuko da, Erdialdeko jende andana euskal kulturaren inguruan elkartzeko baliatuz. Lau kanporaketa izanen dira: Mendigorria, Soltxaga, Faltzes eta San Martin Unx, bakoitza jai egun batez lagunduta. Azkenik, irabazleen finala Erriberrin izango da, urriaren 18an.

Herriz herri

Aurkezpenean Zarrakaztelu, Tafalla, Miranda Arga, Erriberri, Larraga, Berbintzana, Mendigorria, Baldorba, Faltzes, San Martin Unx, Artaxoa, Martzilla eta Beireko ordezkariak izan ziren, besteak beste. Aurten, gainera, Pilindros Herri Kirol Taldeak ere parte hartzen du antolakuntzan. Altaffayllako Amaiur Esparzak azaldu zuenez, «Erdialdeko Euskal Jaia baloratzeko elkartu ginen eta pentsatu genuen hobe zela urtero ez ospatzea eta sareak eraikitzen jarraitzeko zerbait sortzea, oraingoan Merindadeko hainbat herrietatik mugituz».

Rocio Esparzak, Pilindros Herri Kirol Taldekoak, txapelketaz hitz egin zuen: «herrikoia izango da, aurretik Herri kirolak egin ez dituztenentzat ere egokia. Oinarriak hilabete honen erdialdean argitaratuko dira eta taldeek izena emateko epea ekainaren 22ra arte luzatuko da».

Guztira 32 taldek parte hartu ahal izango dute. Talde gehiagok izena ematekotan, herri bakoitzeko lehen taldeari emango zaio lehentasuna eta gainerakoak zozketa baten zain geratuko dira. Horregatik, taldeen izen-ematea azken egunerako ez uztera animatzen zuen.

Euskararen egunak

Txapelketaren aurkezpenaz baliatuz, udaberri honetan ospatzen ari diren Euskararen Egunak gogorarazi zituen Agerraldia elkarteko Olaia Cosmek: Zarrakaztelutik hasita joan den maiatzaren 10ean, Tafallan maiatzaren 17an, Miranda Argan maiatzaren 31n, Erriberrin eta Larragan ekainaren 7an eta Berbintzanan ekainaren 21ean ospatuko dira. Bestalde, Herri Kirol txapelketa aitzakia izango da beste herri batzuentzat euskararen egunak ospatzen hasteko, Mendigorriaren eta San Martin Unxen kasuan bezala, edo edukiz betetzeko, Faltzesen bezala.

Era berean, Agerraldiak azpimarratzen zuen moduan, txapelketak, iazko jaialdiak bezala, herrien arteko loturak sendotzea du helburu, baita euskara eta kultura oinarri nagusi izango dituzten eskualde-loturak sortzea ere. Horretaz gain, atxikimendua eman nahi duten kolektibo guztiak erakundearekin harremanetan jartzera animatzen dituzte.

Zapiak salgai

Euskal Jaiaren ediziorako berehala agortu ziren zapiak berriz salgai jarriko dira udaberriko Euskararen Egunetan eta txapelketaren jardunaldietan. Antolatzaileek jai egun hauetan lepoan janztera animatu zuten, eskualdearekiko harrotasuna erakusteko eta euskalgintzaren inguruan indarrak norabide berean bideratzera deituz.