Elkarrizketa Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbiorekin, lehen mailako bertsolariak
Euskal kulturak daukan fenomeno bereizgarri bat da bertsoa, eta hizkuntza maite duen orok estimatzen du bertsolaria. Dialektika eta erretorikaren artisau; karrika, afaloste zein taula gainean doinu eta errimaz lagundurik, inprobisazioaren eremu ezkutuenetara hel daiteke entzulegoa hunkitu, zirikatu eta barrez leherrarazi arte.
Mikroa eskutan, edonor akatzeko ahalmena duela dirudi, bitan pentsatu gabe. Horrela somatu genuen behintzat joan den maiatzaren 23an Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabalen Tafallako bertso-poteoan izan ginenok.
Hura plazerra, hura erraztasuna. Bertsolaritzaren bi titan gure herria hankaz gora jartzen. Tarteka ehun pertsona baino gehiago bildu zituen ekimen arrakastatsuak, bertsolariak berak ere harritu zituen, antza, ez baitzuten holakorik espero Tafallan. Ezin aukera galdu maisuei elkarrizketatxo bat egiteko.
Maialen Lujanbio, 47 urteko hernaniarrak bizitza osoa darama bertsotan. Azken hamarkada eta erdiko txapeldunetan txapelduna, bertsolaritzaren panorama irauli zuen emakumea da, 20 urte daramatza Txapelketa Nagusiko podiotik jaitsi gabe eta hirutan izan da garaile.
Nerea Ibarzabal, 30 urteko Markinatarra (Hernanin bizitzen), Bizkaiako azken bi txapelketetako irabazlea izan da, belaunaldi berriaren erreferente argia izanik. Idazle fina gainera, nobela bat ere argitaratu du, Bar Gloria (2022).
Biak ala biak plaza emakumeak, profesionalak, erraz asko ateratzen dira estutasunetatik eskuetan mikroa jartzen bazaie, eta entzulegoaren begirada zorrotzak, antza, ez ditu beldurtzen.
Nondik datorkizue bertsoekiko zaletasuna?
Nerea: Nire kasuan etxean nahiko zaleak ziren eta 10 urtekin bertso eskola existitzen zela ohartzean sekulako poza hartu nuen, ikasi zitekeela ikusirik. Ordutik herriz herri ibili naiz lagun pilo bat ezagutzen, beraz, txikitan polita zena are eta ederragoa bihurtu da gerora.

Maialen: Nik ez nuen zehazki etxetik jaso. Ikastolan edo herrian beharbada bai. Inguruko ume batzuk bertso eskolan sartu zirela ikusirik, eta kantuzalea nintzela kontuan hartuta, ia nahigabe sartu nintzen bertan.
Orduan biok jaso duzue formakuntza txikitatik bertso eskolan, ez?
Maialen: Bai, esango nuke gaur egun 50 urtetik beherako bertsolari ia denak ibili direla bertso eskoletan. Dena den, horri formakuntza deitzea asko iruditzen zait, nire kasuan behintzat. Ez da trebakuntza oso formala, ikasketa akademiko bat baino, talde tailer moduko bat da. Nahiko autodidaktak gara denok.
Afaloste batetik Lehiaketa ofizialetara badago aldea. Prestaketa bereziak egiten dituzue? Nola mantentzen da forma bertsolaritzan? Hiztegi-jalea izan behar da?
Nerea: Seguruenik bakoitzak bere trikimailuak izango dituela. Ni adibidez, txapelketetan ariketa konkretu batzuk egiten direnez, nire buruari kontzentrazio gaitasun maila altua probokatzen tematzen naiz. Egia da txapelketei begira normalean baino erneago gabiltzala.
Errimetan, doinuetan, gaietan, estetikan… norbera izan nahiko lukeen bertsolarirantz hurbiltzen saiatzen da, ezer ez dela segurua jakinik betiere.
Esperientzia izan arren, tentsioa kontrolatzen jakin behar da?
Maialen: Dudik gabe, asteburuetako saioetan ere bada, eta beharrezkoa da, baina ez zaude lehiaketa hauetan bezain epaitua. Neurri batean ikasten da, baina ez duzu sekulan eroso kantatzen. Egia da, ordea, estuasun horrek inoiz iritsiko ez zinatekeen mailara eramaten zaituela, zugan zuku guztia ateratzera.
Beraz, adrenalina zalea izan behar da bertsolaria izateko?
Nerea: Baliteke. Nik gogoan dut adibidez askolatik plazarako saltoa oso zaila egin zitzaidala, urduri jartzen nintzelako, baina momentu batean plazerrak sufrimenduari irabazi zion. Biak oso paretsu dauden une horretan jende askok uzten du.

Maialen, txapeldunetan txapelduna, azken hamarkadako bertsolaririk sonatuena zara. Astuna egiten zaizu txapelaren zama? Zaila da mitoa mantentzea?
Maialen: Tira, kanpotik holakoak entzutean egiten da pisutsu (mitoa, txapelduna)… Harritu egiten zara, zuk ez duzulako horrela bizi. Niri ahaztu egiten zait, ez nabil saio oro nire buruari gogorarazten ongi kantatu behar dudala txapelduna naizelako.
Ongi kantatu nahi dut publiko orok duelako exijentzia bat. Zentzu horretan, zu bertso saio batera biluzik zoaz, eta ez zara beti gustura irteten. Txapeldun izatea bada ardura bat, baina ez da saio bat aurrera ateratzearen ardura baino handiagoa, eta hori bertsolari guztiok daukagu.
Nerea, zuk Bizkaia mailan ere faborito izatearen zama somatu izan duzu.
Nerea: Bai, ibilbidea egin ahala jendeak zugan zerbait espero du eta hori saihestezina da. Horretaz aldentzean dagoela gakoa, zuretzat abestean, zure barrenarekin konektatzean. Nik une txarretan nire buruari galdetzen diot zergatik hasi nintzen bertsotan eta hor gogoratzen dut honetara ekarri ninduen pultsio hori: ongi pasatzeko egiten dudala, eta komunikatzeko behar hori badudala.
2022an Bar Gloria zure lehenengo nobela argitaratu zenuen, harrera oso onarekin. Bertsolaritzaren metrika babesgune bat da ala kaiola bat?
Nerea: Segun eta zer esan nahi duzun. Nik oso ezberdin bizi ditut. Batzutan eskertzen dut bertsoaren metrika baina bestetan espazio mugagabea gustuko dut. Dena den, biak dira zailak, eta idazketan ere asko kimatu behar da.
Zu Maialen babestuta sentitzen zara metrikan?
Maialen: Nik uste baietz, bertsoak duen forma artistiko hori izan daiteke babesgune bat. Prosan esanda gordinegiak, gozoegiak edo panfletarioegiak izan daitezkenak bertsotan bota ditzakezu.
Bihurritze poetiko horrek pertinentzia bat ematen dio zure diskurtsoari, beharbada beste lengoaia batean balioko ez lukeena. Bertsoa komunikazio frekuentzia eta kodigo jakin bat da, eta bertan gauzak beste modu batera sartzen dira.
Jon Sarasuak duela gutxi esan zuen marko ideologiko jakin bat dagoela Bertsolaritza txapelketan, eta hau nahiko pobrea dela. Ados zaudete? Politikoki zuzenaren diktadura bat dago bertsolaritza ofizialean?
Maialen: Nik uste kritika hau ez dela berria, askotan leporatu izan baitzaio bertsolaritzari. Niretzat, ordea, ez da berdina politikoki zuzenaren terreno hori irabazitako zerbait denean, inposaturiko zerbait izan ordez. Ezin da berdin baloratu. Bata ez da zapaltzailea, kontrakoa baizik.
Maialen Lujanbio: “Bertsolaritzak azken urtetan jende gehiagorentzat hitz egiteko espazioa irabazi du”
Orain arte existitzen ez ziren gai pila sartu dira bertsolaritzan, beraz irakurketa ezin da berdina izan. Dena den, honek luze joko luke. Eztabaida genezake ere ea noraino txapelketak errealitatea islatu behar duen ala hor beste zerbait sortzen ari garen.
Emakumearen papera bertsolaritzan ere irabazitako terreno bat da. Egin beharko nizueke emakume eta bertsolari izateari buruzko galdera hura? Ala soberan dago?
Maialen: Irabazi baino, irabazi ari den terreno bat dela esango nuke. Lehen ez zeuden ahotsak dira orain bertsolaritzan, eta horrek ezin du murriztailea izan, are eta gutxiago eskubideei buruz ari garenean. Lehengo galderara bueltatuz, ez zait iruditzen hau salagarria izan daitekeenik.
Nerea: Gainera marko ideologiko bat beti existitu da. Zentzu horretan, 1967ko txapelketa bateko marko ideologikoak pertsona pila zapalduko zituen, baita oholtzan edo publikoan ez zeuden ahots asko ixilarazi. Zapaldua dena pribilegiatutzat aurkeztearen hori ere ikusi dugu beste kasutan, euskararenean esaterako.
Uste duzue bertsolaritzak lizentziak hartu ditzakela iraintzeko etab.? Rap musikan egiten den bezala, esaterako.
Nerea: Nik uste lehen bazeukala gehiago hortaz gaur egun baino. Gizonen arteko lagun kode horretan agian gordinagoak edo iraingarriagoak ziren bertsoak. Nik, egia esan, ez dut inoiz horren faltarik somatu izan.
Raparen kodigoa ere ezberdina da, “egoaren” goraipamenean oinarritzen da, bertsoaren kasuan, kontrakoz, lehia argumentatiboan, nahiz eta zirikatzaileak bagaren.
Maialen: Iraina baino, gure lanabesa hizkuntza da, eta gure dohaina iraintzera heldu gabe, horixe bera aditzera ematea da, are eta grazia gehiagorekin. Horren bila gabiltza, baina hizkuntzaren beste baliabide batzuekin. Gurean iraina pobretzat ikusia dago.

Estatubatuarrak izango bagina, ziur Bertsolaritza askoz ere mediatikoagoa izango zela. Zuen fan kluba eta kamiseta pertsonalizatuak izango zenituzten. Euskal Herrian gaude, ordea. Uste duzue bertsolaritza aski baloratua dagoela?
Maialen: Niretzat erantzuna aldebikoa da. Alde batetik esango nuke baietz, jendearentzat, oro har, jardun garrantzitsu bat delako, ezaguna eta errekonozitua, zentzu handi batean bertsogintzak berak egindako ahaleginagatik izan bada ere.
Difusio lanak asko egin du: bertso eskolak, lurralde guztiekiko zabalpena, etab. Aldiz, herri kulturak eta ahozko kulturak izan ohi duten nolabaiteko mespretxu bat dagoela ere esango nuke, klasismo kultural modukoa.
Nerea: Gure kasuan gainera, gure jarduna %100 euskeraz izanik, euskal kulturaren osasun egoeraren baitan gaude, baita instituzioek honi ematen dioten garrantziaren baitan.
Bertsolaritzatik bizi daiteke?
Maialen: Bizi daiteke, ni honetaz bizi naiz, baina egia da bertsolaritzan gabiltzan guztiok bestelako proiektuak ere baditugula. Beste kontu bat da nola bizi daitekeen eta zein bizi baldintzak eta bizi aspirazio dituzun: hipoteka daukazun, ala seme alabak dituzun eta unibertsitatera joan behar duten, etab.
Beste kultur jardunetik konparatuz gurea oso justua da, baina era berean nik nahiko logikoa ikusten dut gure tratua eta bizimodua. Prekaritatearen diskurtsoa presente dago, baina oso lanbroa da, segun eta langa non jartzen duzun.
Nerea: Hor perfil asko daude. Badaude erabat autonomoak direnak, 8 orduko lan jarduna egiten dutenak, kontratazio zehatzak dituztenak… Hala ere, kaos hori oso ohikoa da artearen disziplina gehienetan.
Deja tu comentario